50. urteurrena. Esker ona.

            HAZTEGI IKASTOLA 50. URTEURRENAREN OSPAKIZUNEN HARITIK, ESKER ONEZ(AGRADECIMIENTO)

Hasiera orok omen du bere akabera. Ezinbestean Haztegi Ikastola sortu zeneko 50. urteurrena ospatzeko ekintzak prestatzen hasi ginenean, pentsatu genuen ez ote genion geure buruari erronka gogor samarra jarri; gauza izango al ginen 2017-2018 ikasturtean zehar ospatu beharreko ekintza guziak tajuz eta ondo burutzeko? Pozik gaude Legazpiko herriak emandako erantzunarekin, Ikastola osatzen dugun guraso, lankide eta ikasleena ez ezik, Legazpiko herriarena ere badelako ekintza saldoaren arrakastaren erantzukizuna.

Santikutz egunean Olari saria eman zigutenean harrotasunez jaso genuen herritarron  aurrean langile-herri honen ikurra den olagizonaren irudia: gure guraso zaharrek Frankoren diktadurapean ausardia handiz eraikitako emaitza da Ikastola, garai zantar haietan, euskararen eta euskal kulturaren transmisioa arrisku gorrian zegoen hartan, euren seme-alabei galzorian zegoena berreskuratzeko ahaleginaren fruitua; izan zirelako gara.

 Eta garelako izango dira. Iraganaren eta etorkizunaren arteko zubian, ordea, orainean buru-belarri murgilduta dago eguneroko lanarekin elikatzen ari garen Ikastola: pedagogian berrikuntzak ezartzen ari gara ikastetxearen ibilbide osoan; gure-gureak diren liburu eta material pedagogikoak ditugu; irakasle eta gurasoen arteko harremanak sendotu ditugu; euskararen erabilera bermatzeko urratsak ematen ari gara ikastolako partaide guziok; eleaniztasuna errealitatea da gurean; atzerriko ikastetxeekin elkartrukeak egiten ditugu.

Haztegi Legazpiko herriari atxikia dago erabat eta euskal kulturaren berme trinkoa da; ikasleak ezagutzaz hornitzeaz gain, gizartearen erronken aurrean konpetente eta gai izan daitezen saiatzen ari gara. Halaber, konpromezua eta elkartasuna bezalako balioak egunerokoan txertatzen ditugu.

  Ikasturte honetan denetarik egin dugu: argazki erakusketak, mendi irteerak, mahai-inguruak, kontzertuak, danbor-hotsak, bazkariak … luze joko luke denak aipatzea. Azpimarratzekoa ikasle, irakasle eta gurasoek erakutsitako prestutasuna eta elkar- lana. Honek guztiak batu egin gaitu, ikastolago bihurtu gaitu. Maiatzaren 26ko bazkaria zinez izan zen gogoangarria eta egindako ibilbidearen argazki bikaina inondik ere.

 Ekainaren 9ko 50. urteurrenaren amaierako festak ekitaldi hauen guztion akabera markatu zuen. Gure lasterketa, hala ere, ez da amaitu. Gu beti martxan gaude eta zuek gurekin bazentozte pozik geundeke.

 Mila esker bidaide izan zaituztegun laguntzaile eta babesle guztiak: Legazpiko Udala; herriko lantegi eta enpresak; KTE tabernarien elkartea; Kimu-berriren hastapeneko guraso sortzaile eta irakasleak; antolaturiko ekitaldietan partaide izan zareten herritarrak;  gaur egungo irakasle, langile, guraso eta ikasleak. Zuek gabe ezinezko suertatuko zitzaigun asmo hutsa egia bihurtzea.

 

Ikastolako zuzendaria:

Sagrario Etxabe