Etorkizuna
ereiten

Batxilergoa

Batxilergoa Haztegin

Etapa honetan 16-18 urte bitarteko ikasleak daude. Eta gerora begirako erabakiak hartu behar izaten dituzte. Irakasleek DBHtik ezagutzen dituzte ikasleak eta horrek erraztu egiten du ziklo batetik besterako pasabidea edo jauzia, eta abantaila handia da, ikaslearen jarraipena egiteko orduan. Batxilergoaren helburu nagusia DBHn hasitako bideari gailurra ematea da. Ikasleak bi eremutan garatu behar ditu konpetentziak: giza eta adimen heldutasunean eta lan munduan beharko dituen konpetentzietan.

Unibertsitatean edo Lanbide-heziketan sartzeko HAZTEGIn bi batxilergo modalitate eskaintzen ditugu:

  • Giza eta Gizarte Zientzien batxilergoa: Gizarte Zientzien ibilbidea eta Giza Zientzien ibilbidea.
  • Zientzien batxilergoa: ibilbide Teknologikoa eta ibilbide Zientifikoa.

Gure egunerokoa

Batxilergoak ikasleak etorkizunera bideratzen ditu. Lanbide Heziketarako zein Unibertsitaterako ateak irekitzen ditu eta, gure helburua ikasleei horretarako prestakuntza sendoa eskaintzea da.

Alde batetik, euskarak gai guztietako oinarrizko hizkuntza izaten jarraitzen du. Honekin lotuta, ikasleek euskarazko C1 maila egiaztatzeko aukera izaten dute. Eleaniztasuna helburua izanik, lehenengo mailan arlo bat ingelesez egiteko aukera izaten dute: Scientific Culture/Kultura Zientifikoa. Ildo beretik, ingelesa hobetzeko eta atzerriko kulturak ezagutzeko Elkartrukea antolatzen dugu.

Bestetik, irakasgaiek duten garrantzia alde batera utzi gabe, ikasleak kontzientzia pertsonala hartu behar du, bere ikasketa prozesuan jarrera aktiboa izan dezan. Horretarako irakasleen gertutasuna eta laguntza izaten dute.

Horrez gain, orientazioak ezinbesteko garrantzia du guretzat. Ikaslearen lehentasunak eta aukerak kontuan hartzen ditugu, eurek beren interesak bidera ditzaten. Bi urteko ibilbide honetan jarraipen estua eta pertsonalizatua izaten dute ikasleek.

Hasiko duten bide profesionala eta pertsonala aukeratzeko unea iritsi zaie eta horretan familiekin batera elkarlanean jarduten dugu.

Ordutegia

Astelehena, asteartea eta asteazkena  08:00-14:50

Osteguna 08:00-14:30

Ostirala 08:00-14:00

Elkartrukea

Haztegi Ikastolako ikasleek 4 urterekin hasi eta 17 urterekin amaitzen dute ingelesezko ibilbidea. Gure ustez, ingelesa ikasten igarotako ordu guztiei etekina ateratzeko ordua da eta erabaki dugu  atzerriko ikastetxe batekin Ikasle trukea  egitea. 

Helburu anitzak dituen proiektua da hau. Hezkuntza gaitasun orokorretatik abiatuta (ikasleen ikasteko gaitasuna, hizkuntza-komunikaziorako gaitasuna, gizarteko eta hiritartasunerako gaitasuna, giza eta arte kulturarako gaitasuna eta norberaren autonomia eta ekimenerako gaitasuna) eskolak bere eremuetan hauek garatzeko dituen mugak gainditzeko atea zabaltzen du ikasle-truke  programak. Honez gain, norbere identitatearen barruan ixteko joera gainditzeko, aniztasuna errespetatuta, besteak onartu eta ulertzeko aukera zabaltzen du, ikasleak hainbat kultura, ingurune eta ohitura berritara egokitzeko erronka izango duelarik.

Horretaz gain, atzerriko familietan murgildu eta bertako ohiturak ezagutzeko aukera paregabea da. Ingelesarekiko jarrera hobetzeko eta benetako testuinguruan praktikatzeko eta bizitzeko aukera ezin hobea dute; duen garrantziaz jabetzeko eta motibazioa areagotzeko balioko du elkartrukeak.