Lehen Hezkuntza
Lehen Hezkuntza Haztegi ikastolan
Etapa honetan, Haur Hezkuntzan hasitako bideari jarraipena emango diogu. Sei urte irauten du, 6-12 bitartean. Etapa erabakigarria da pertsonaren heziketan. Izan ere, etapa honetan funtsezko trebetasunak garatzeko oinarriak bermatzen dira, balioak bereganatuz eta jarrerak garatuz.
Ezaugarriak:
- Mugimendu eta jolasaren beharra.
- Autonomiaren garrantzia.
- Frustraziorako gaitasuna.
- Emozioen kudeaketa.
- Arauak eta mugak → autoerregulazioa
- Elkarreragina; aniztasunari erantzuteko aukera.
Erabiliko dugun metodologia eredu hezkidetzaile global batean oinarritzen da; beraz, pertsona ardatz gisa harturik, bakoitzaren hazkuntza integrala bultzatzea eta talde kooperatiboen garrantzia sustatzea ditu helburu..
Gure proiektua pertsona bakoitzaren baliabideetatik/trebezietatik abiatzen da. Irakaslea bidelagun izanik, ikasleak bere gaitasun harmoniko osoa lortzen du bere bost esparruetan: komunikatzen ikasi, pentsatzen eta ikasten ikasi, egiten eta ekiten ikasi, elkarrekin bizitzen ikasi eta norbera izaten ikasi.
Ikerketa eta hausnarketa lanak azalpenak baino garrantzitsuagoak dira, etapako maila bakoitzera egokituz. Honekin bat, elkarrekin lan egitea ezinbestekoa izango da, elkarren artean proiektuak garatuz; ikasketa kooperatiboak, beraz, protagonismo handia izango du gure egunerokoan.
Gure egunerokoa
Lehen Hezkuntza sei ikasturte dituen etapa da.
LH1-2-3: Metodologia aktiboari eta esperimentalari indarra emanez eta materiala manipulatuz, hainbat proiektu gauzatzen ditugu. Modu autonomoan lan egiten dugu, autorregulazioa bultzatuz eta beti ere ikasle bakoitzaren erritmoa errespetatuz. Gaur egun, KIMU proiektuan murgilduta gaude.
LH4-5-6: EKI proiektua aurrera eramaten dugu. Konpetentzietan oinarritutako diziplinarteko proiektua da; eduki baliabideak eskuratu, mobilizatu eta ikasteaz gain hauek egoera errealetara transferitzea eskatzen duen proiektua.
Ordutegia
09:00etik 12:30era goizean.
14:30etik 16:30era arratsaldean.
1. EKI Lehen Hezkuntza (LH 4-5-6)
EKI proiektua ikastola guztion artean diseinatu eta eraikitako proiektua da. Euskal Curriculumeko Konpetentzietan oinarrituta dago eta Integrazioaren pedagogiaz baliatzen da.
Ezaugarriak
- 2013-2014 ikasturtetik aurrera indarrean dagoen proiektua da.
- Integrazioaren pedagogia ardatz hartuta, proiektuka antolatuta dago eta diziplinen arteko uztarketa ematen da. Hein horretan, gai beraren baitan, arlo bakoitzeko helburuak bermatzen dira.
- Bost konpetentzietan oinarritzen da eta arreta berezia eskaintzen dio konpetentzia digitalari.
- EKIGUNEA. EKI proiektuaren webgunea da, euskarri digitalak biltzen dituen txokoa: audioak, bideoak, animazioak, irudiak, jarduerak eta informazio-testuak.
- BLINK. Liburu digitala erabiltzen da hainbat jarduera egiteko.
- GOOGLE APLIKAZIOAK. Gmail, Drive, Calendar, Meet eta Classroom erabiltzen dira.
Ezaugarri bereizgarriak
- Euskara eta euskal kultura ardatz dituen proiektua da.
- IKTak arlo guztietan integratzen ditu.
- Ikaslea bere ikaskuntza prozesuaren protagonista da eta irakaslea prozesu horren bidelaguna eta gidaria.
- Ikaslearen garapen integrala du helburu, bere bizitzan konpetentea izateko. Horretarako, barneratutako ezagutzez baliatuko da.
Antolaketa
Arlo bakoitzean hiru fase bereizten dira:
- Hasiera fasea: ikasleen aurrezagutzak aktibatzen dira motibazioa piztuta.
- Garapen fasea: edukien bidez, ezagutza berriak ikertzeko aukera izaten dute ikasleek. Ikerketan eta esperimentazioan oinarritzen den heinean, ikasleek hainbat gaitasun garatzeko aukera dute.
- Amaiera fasea: unitatean zehar landu diren edukiez baliatuta, ikasleek proiektu bat eramaten dute aurrera, ordura arte barneratutako guztiarekin.
Ebaluazioa
- Behaketan oinarritzen da.
- Ikasle bakoitzaren ikaskuntza prozesuaren garapena aztertzen da, hasiera fasetik amaiera faseraino.
2. INNOVAMAT (LH 1-2-3-4-5-6)
Innovamat, ikaskuntza manipulatiboa eta konpetentziala izateaz gain, ikasleentzat esanguratsua den matematikako proposamen bat da.
Kontzeptu matematikoak aurkezten ditu, hala nola, zenbaketa, geometria, logika edo estatistika. Haurrak pixkanaka eta manipulatuz hauek deskubritzen doaz, kontzeptuak ulertuz, finkatuz eta aplikatuz.
Ezagutzak hiru ardatzen inguruan antolatzen ditu:
- Zenbakien laborategia
- Abenturak
- Plataforma (APP)
Proposamenak ikasteko eta bere ahalmen osoa garatzeko gonbita egiten dio ikasleari eta hori lortzeko, funtsezkoa izango da:
- Edukiak eta trebetasun matematikoak irizpide didaktikoen bidez aurkeztea.
- Haurren ikaskuntza-erritmoa errespetatzea.
-
Matematika-prozesuei balioa ematea: problemak ebaztea, arrazoitzea, konektatzea, komunikatzea eta irudikatzea. Edukiak ahaztu gabe.
3. KIMU PROIEKTUA (LH1-2-3)
Lehen Hezkuntzako lehenengo hiru mailetara bideratutako proiektua da Kimu. Errealitate hurbileko egoeretan kokatzen du ikaskuntza eta ikasleen funtsezko konpetentziak garatzea du helburu.
LH 1. eta 2. mailak hiru proposamen didaktikotan egituratu dira: Erronka, Euskara eta literatura eta Matematika. LH 3. mailan Lengua castellana y literatura ere gehitzen zaie. Haztegi
Ikastolan, aldiz, ikasturte honetan Euskara eta literatura ikasgaia landuko dugu.
Honako hau da Kimu-ko Euskara eta literatura arloaren ardatza:
- Ikaslearen komunikaziorako konpetentzia garatzea eta irakurleak eta idazleak heztea du helburu, haur literaturan oinarrituz.
- Heziketa literarioa lantzeko haur literaturan oinarritzen da. Euskal literaturan erreferente diren idazle eta ilustratzaileek berariaz Kimu proiekturako sorturiko obra literarioak dira proposamenaren oinarri eta abiapuntu.
- Idazten eta irakurtzen ikasteko, idatzi eta irakurri egin behar da, eta besteek nola idazten eta irakurtzen duten ikusi; probatuz eta huts eginez, beti ere testuetan esanahiak bilatuz edota esanahia duten testuak sortuz.
- Ereduak barneratzetik abiatuz, eta hainbat egoera esperimentatuz, sormena sustatuko da. Ikasle sortzaileak, ekintzaileak eta bere buruarekiko konfiantza dutenak hezi nahi ditugulako.
4. BERTSOLARITZA "Gu ere bertsotan" (LH 5)
Proiektuaren oinarri pedagogikoa Bertsolaritzaren curriculuma Lehen Hezkuntza (Oiartzun: Lanku S.L, 2008) lanean biltzen da eta bertan jasotzen ditu bertsolaritzaren ikastetxetako lanketak haurren garapenari begira dituen helburuak, hauei loturiko edukiak, metodologia zein ebaluazio irizpideak. “Gu ere bertsotan” proiektuaz, hala, bertsolaritza ikuspegi globalizatzaile batetik planteatuta, 4 arlo lantzen dira: Hizkuntza, Kultura, Musika (ahotsa) eta Trebetasun Pertsonalak eta Sozialak.
Oinarrizko material didaktikoa Gu ere bertsotan 1 (Oiartzun: Lanku S.L, 2010 (Ixaka saria, 2010)) eta Gu ere bertsotan 2 (Oiartzun: Lanku S.L, 2010) liburu eta ikus entzunezkoek osatzen dute.
EKINTZA OSAGARRIAK
“Gu ere bertsotan” proiektuaren baitan ekintza osagarriek berebiziko garrantzia dute. Ikasturtean zehar ikasgelan egindako lana plazaratzeko eta ikasleen motibazioan eragiteko akuilu izateaz gain, “Gu ere bertsotan” proiektuak herri eta ikastetxe mailan lortu nahi dituen azken helburuei erantzuteko ere funtsezkoak dira ekintza osagarriak. Alegia, ikastetxean edota herrian bertsozaletasuna eta bertsolaritza sustatzea, eta ikastetxetik kanpora ere haurrek jarraipena ematea zaletasun horri beren inguruan.