Gizartea hobetuko
duten pertsonak

Proiektuak

Hezkuntza Proiektua

Hizkuntz proiektuaren definizioa eta helburuak

Haztegi ikastolaren Hizkuntz Proiektua, euskara eta euskalduntasuna ardatz harturik, ikastolan lantzen diren hizkuntzen ikaskuntza-irakaskuntza eta erabilerari dagozkien alderdiak bildu eta haien trataerari koherentzia ematen dion markoa da. 

Lan tresna honen funtzioak hauek dira:

  • Ikastolako eremu pedagogikoetan zein instituzionaletan gertatzen diren hizkuntza ekintzak aztertzea.
  • Sumatutako beharrei zentzuz erantzun ahal izateko, era sistematikoan eta bateratuan bideratzea hezkuntza-komunitate osoaren elkarlana, irizpide komunetan oinarrituta.

Hori dela eta, asmoa hezkuntza komunitateko partaideen hizkuntza errepertorioaren kantitatean, kalitatean eta dibertsitatean eragitea da. Horrela, hizkuntza jakin batean gero eta egoera gehiagotan aritzeko aukera izanik, komunikatzeko konpetentzia garatuko dute ondorengo helburuak betetze aldera:

  • Ikastolak bere ikasleei lagundu nahi die formazio euskalduna izan dezaten, hau da, euskara ongi erabil dezaten, eta euskararen eta euskal kulturaren transmisio, garapen eta indartzearekin konpromisoa har dezaten. Gauzak horrela, Ikastolak euskal hiztunak hezi nahi ditu, etengabe eraginez euskararekiko motibazioan eta harekiko jarrera baikorrean. 
  • Ikastolak, Hezkuntzaren eta Hizkuntz Proiektuaren ardatza euskara duela, pertsona euskaldun eleaniztunak hezi nahi ditu. Hartara, beste hizkuntzen beharrezko ezagutza eta erabilera lortzea bideratuko du. 
  • Halaber, Ikastolak euskaraz gauzatu nahi du bere hezkuntza-komunitatearen barne-bizitza; euskararen eta euskal kulturaren transmisioa, garapena eta zabalkundea ziurtatu nahi ditu mota guztietako harremanetan eta horretarako sortutako bitartekoetan. 
  • Euskararen indarberritzeari dagokionez, Ikastolak euskararen normalizazio-prozesuan eragile izan nahi du txertatuta dagoen komunitatean. Hartara, bestelako gizarte eragileekin zein askotariko instituzioekin lankidetzan jarduteko borondatea du.  

Hizkuntzekiko esku-hartze eremuak

Hauek dira hizkuntzen garapenean eragiten duten eremuak, hau da, aurretik aipatutako helburuak betetzeko hizkuntzekiko esku-hartze eremuak: 

Eremu pedagogikoa

Atal honen barruan, hizkuntzaren garapenean eragina duten irakaskuntza eta ikaskuntza prozesu guztiak biltzen dira eta, horietaz gain, xede pedagogikoak dituzten eskolaz kanpoko jarduerak ere jasotzen dira. 

  • Gela barruko eremuak irakaskuntza-ikaskuntza prozesuak jasotzen ditu eta bi azpi-eremu biltzen ditu bere baitan: kudeaketa pedagogikoa eta interakzio didaktikoa.
  • Gelaz kanpoko eremuak irakasle, hezitzaile nahiz begiraleekin bideratzen den gelaz kanpoko jarduna du helduleku. 

Eremu instituzionala

Eremu instituzionala ikastolako hizkuntz politikari dagokiona da. Bi azpi-eremu biltzen ditu honek ere: eraketa eta barne-komunikazioa eta kanpo-harremanak.

  • Eraketa eta barne-komunikazioaren atalean, ikastolaren testuingurua ahalik eta euskaldunena egiteko beharrezkoa den hizkuntz kudeaketari dagozkion erabaki nagusiak biltzen dira. 
  • Kanpo-harremanen atalean jasotzen dira ikastolak euskara sustatzeko inguruko gizartearekin elkarlanean sortu beharreko

Hizkuntz proiektuaren ezaugarriak

Halako marko integral batek eskatzen dituen baldintzak  bete daitezen, ezaugarri  hauek bete nahi ditu Haztegi ikastolaren Hizkuntz Proiektuak:

  • Koherentzia
  • Egokitasuna. 
  • Legezkotasuna. 
  • Integrala eta parte-hartzailea. 
  • Dinamikoa eta bizia.

Ikasleen lorpen mailak

Haztegi ikastolako ikasleek DBH amaieran izango duten hizkuntza-maila

Euskara 

B2

Gaztelania

B2

Ingelesa

B1

Frantsesa

A2


Haztegi ikastolako ikasleek Batxilergo amaieran izango duten hizkuntza-maila

Euskara

C1

Gaztelania

C1

Ingelesa

B2

Frantsesa

B1

Euskaraz Bizi proiektua

Image

Haztegi Ikastolaren heziketaren helburua euskararen ezagutza handitzea eta, batez ere,  erabilera ziurtatzea da. Horretarako, besteak beste, du ezarrita Hizkuntza Proiektua. Horren baitan egiten dira urtero motibazio kanpainak, gelaz kanpoko ekintzak, kidetze jarduerak eta herri mailako ekintzak. 

Euskaraz Bizi proiektuaren helburuak – hezkuntza proiektuaren xedeak

  • Ikastolak euskaraz gauzatu nahi du bere hezkuntza-komunitatearen barne-bizitza; euskararen  eta kulturaren transmisioan, garapena eta zabalkundea ziurtatu nahi ditu mota guztietako harremanetan eta horretarako sortutako bitartekoetan.
  • Euskararen biziberritzea indartzeari dagokionez, ikastolak euskararen  normalizazio-prozesuen eragile izan nahi du txertatuta dagoen komunitatean. 

Euskaraz Bizi taldearen zereginak

Talde honen zeregin nagusia  euskararen normalizazioan eragitea izango da.

  • Gelaz kanpoko hizkuntza erabilera arakatzea, esku-hartze planak proposatzea eta jarraipena egitea
  • Gela barrurako jarduerak proposatzea eta horien jarraipena egitea.
  • Euskal kulturarekin lotutako ekintzak …
  • Ikasle batzordearekin bildu antolatutako ekintzak bideratzeko…. 

Euskaraz Bizi taldearen osaketa

  • Etapetako Euskaraz Biziko ordezkariak
  • Ikasle batzordea DBH eta DBHOko ikasleak
  • Gurasoen ordezkariak

Euskaraz Bizi taldeak bideratzen dituen ekintzetako batzuk

  • Euskararen presentzia indartzeko 
    • Hemen gara - Irailean
    • Euskararen eguna
    • Hiztun neurketa 
    • Argitxo egutegia 
    • Motibazio saioak gazteentzako 
    • Euskal kulturaren transmisiorako
    • San Nikolas 
    • Martin Pipas 
    • Gabon kantak 
    • Olentzero erronda 
    • Ikastolen egunak 
  • Euskaraldia
  • Korrika
    • Ikasleen arteko kidetzak  lantzeko ekintzak 
    • Liburuaren eguna
    • Beste batzuk

Orientazioa

Ikastolaren helburua heziketa integrala denez, orientazio taldeak aniztasuna oinarri hartuz, ikasleei beren ibilbidean zehar eman behar duten prozesuan laguntzen die. Hezkuntza kalitatezkoa izan dadin, irakasle, guraso eta ikasleei beharrezkoa den orientazioa eta laguntza eskaintzen diegu.

Orientazio taldea honako kideok osatzen dugu:

  • Psikologoak eta orientatzaileak
  • Pedagogia Terapeutikoko irakasleek.
  • Hezkuntza Laguntzako Espezialistek

Adinaren araberako lan espezifikoa egiten dugu.

Haur Hezkuntzako etapan, hainbat lan ildo jarraitzen ditugu. 

Alde batetik, behaketa lana, kontzientzia fonologikoaren lanketan eta ahozkotasunaren estimulazioa ezartzen dugu. Horretarako froga eta erregistro espezifikoak pasatzen ditugu.

Beste aldetik, tutoreekin batera detekzio goiztiarra egiten dugu eta beharrezkoa izanez gero ikasle eta familiak bideratzen ditugu dagokien lanketara.

Lehen Hezkuntzako etapan, lehen mailetan ahozkotasunarekin jarraitzeaz gain, ikasleen irakurketa-idazketa prozesuarekin jarraitzen dugu. Ikasketetan zein arlo emozionalean, zailtasun edo arazoren bat somatzen dugunean tutoreekin batera ebaluazio psikopedagogikoa egiten dugu arazoa detektatu eta ibilbidea diseinatuz.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, aurreko etapetan bezala, aniztasunari erantzun inklusiboa ematen jarraitzen dugu eta ikasleentzak  hezkuntza integrala garatzen dugu: elkarbizitzan, berdintasunean, menpekotasunen prebentzioan, harreman afektibo sozialetan e.a. oinarrituz.

Ikasleek beraien ikasketen ibilbidea modu arduratsu batean egin ahal izateko orientabideak ematen dizkiegu.

Batxilergoan, aurreko etapetan dagoen filosofiarekin jarraituz, etorkizunari begira hartu behar dituzten erabakiak, ikasle bakoitzaren interesak, trebetasunak, indar eta ahulguneak kontuan hartzen ditugu. Orientazio akademiko profesionalean dituzten zalantzak argitu eta erabakiak hartzeko prozesuan bakoitzaren bidea aukeratzen bidelangun izaten gaituzte familiarekin harreman zuzena mantenduz.

Elkarbizitza 

Ikasleak bizitzarako prestatzea da hezkuntzaren helburu nagusia. Horregatik, ezinbestekoa da elkarbizitza proiektua hezkuntzaren oinarri izatea; izan ere, horri esker landuko dituzte ikasleek beraien bizitzaren kudeaketa onartzeko, norberarekin zein besteekin harreman positiboak eratzeko, erabakiak hartzeko, zentzu kritikoarekin jokatzeko eta ingurua sormenez transformatzeko behar dituzten konpetentziak. 

Elkarbizitza guztion zeregina da, hau da, hezkuntza komunitatea osatzen dugunon partehartze eta konpromezua eskatzen du. Denon artean oinarrizko arau batzuk adostu behar dira eta guztion lana kontuan izan. 

Oinarrizko arau horien muinean dauden balioak ikastetxeko hezkuntza proiektuari guztiz lotuta daude, hezkuntza esparruetan eta tutoretza planean lantzen dira eta irakaskuntza-ikaskuntza prozesuari koherentzia ematen diote. Besteak beste, honako hauek dira lantzen ditugun balioak: errespetua, eskuzabaltasuna, aniztasunaren onarpena, berdintasuna eta elkar-entzutea. 

Balio eta arau horien laguntzaz gatazken ebazpen baketsua lortzea da jomuga; eta hori lortzeko auto-erregulazioa praktikan jartzeko gaitasuna duten pertsonak behar ditugu, pertsona arduratsuak. Aldi berean, horrek eskatzen du aurrez autonomia, auto-estima, eta identitatea bezalako gaiak lantzea ikasleekin. Horretara bideratuta dago, hain zuzen, Elkarbizitza batzordearen jarduna. 

Aipatutako eginkizunak modu egoki eta bateratuan egiten dela bermatzeko ziklo bakoitzeko irakasle partaide bat dago batzordean.

Hezkidetza 

Hezkidetzak sexuen arteko berdintasuna bultzatzen du, genero estereotipoak, diskriminazioa edota jokabide sexistak alboratuz. Gainera, sexualitate guztiak aintzat hartzen ditu, eta identitateen eta orientazioen aniztasuna onartzen eta zilegitzen du. Testuinguru horrek soilik ahalbidetzen du norbanakoa askatasunez eta modu seguruan garatzea. 

Haztegi ikastolan harremanak errespetuz eta indarkeriarik gabe eraiki nahi ditugu; horretarako, berdinen arteko elkarrizketa, elkarrekintza, elkartasuna eta errespetua sustatzen ditugu. Halaber, bestelako jokabide desegokien prebentzioan egiten dugu lan. Helburu horrekin txertatu dugu, hain justu ere, genero ikuspegia ikasketa-prozesu osoan zehar.

KiVa Proiektua

Image

KiVa Lehen eta Bigarren Hezkuntzan eskola jazarpenari aurre egiteko Finlandian garatutako programa sistematizatu bat da eta bullying-ari aurre egiteko oso tresna  baliagarria dela ari da frogatzen.

Ikastola osoa inplikatzen da, programak eskolako estamentu guztiak barne hartzen dituelarik. Lehenik eta behin, ikasleekin lantzen da zuzenean eta sistematikoki. Ikastolako irakasle guztiek ere zuzenki parte hartzen dute denek jasotzen baitute formakuntza egokia. Gurasoak  ere oso garrantzitsuak dira. Beraz, programak denak biltzen gaitu.

Programa honek ikasleen emozioak eta autoestimua lantzen ditu. Ikastolan elkarbizitza plana ere aurrera eramaten dugu eta sortzen diren gatazkak modu baketsuan konpontzen saiatzen gara. Garbi dugu KiVak salto bat ematen duela: jazarpenari izena jartzen dio eta esplizituki lantzen du modu sistematiko eta progresiboan, txikitatik hasita.

KiVaren alde ona umetatik prebentzioa lantzen dela da, “jazarpena ez baita bat-batean nerabezaroan azaltzen. Txikitatik bizitzen dute haurrek eta, gainera, erasotzaileak eta erasotutakoak txikitan askoz gehiago dira nagusiagoak direnean baino”.

Ikasleen parte-hartzea bilatzeaz gain, gurean hiruzpalau irakaslek osatzen dute jazarpenaren kontrako taldea. Bertan erasotzaileekin, biktimekin, egoki ikusten dugun ikasleekin eta gurasoekin hitz egiten dugu.

Lan taldea eta plangintza

Eli Porras eta Arantza Ercilla.

Helburua 

  • Jazarpena murriztea. 
  • Jazarpen-kasu gehiago gerta ez daitezen prebenitzea 
  • Jazarpenak eragindako ondorio negatiboak apaltzea 

KiVa programa inplementatu eta betetzea

  • Aurrez egindako diagnosietan eta aurreko ikasturteko ekainean egindako diagnosian oinarritzea.  
  • Ikastolako komunitate osoak (ikasle, irakasle eta gurasoak) formazioa jasotzen duela ziurtatzea. 
  • Bullying gertaera bat ematen denean berehala bildu eta protokolo zehatz bati jarraitzea.
  • Elkarbizitza eta Agenda 21eko taldeekin koordinatzea.

Haztegi Ikastolako komunikazioa

Haztegi Ikastolako Komunikazio Taldea ikastetxearen barne nahiz kanpo komunikazioaz arduratzen da.  Informazioa jaso eta emateko orduan zubi-lana egiten du erakundearen eta hedabideen nahiz gizartearen artean eta, hainbat erakunde eta ikastolaren artean. 

Aldi berean, erakundearen markaren presentzia hedatzeaz eta zaintzeaz arduratzen da, eta matrikulazio kanpainaren prestakuntza aurrera eramateaz.

Gurekin harremanetan jarri nahi izanez gero:

Image

Sarrera

Jasangarritasunaren aldeko heziketa bultzatzea da Haztegi Ikastolaren helburuetariko bat. Horretarako, Eskola Agenda 21en jarraipena den Eskola Agenda 2030 proiektua dugu martxan. 

Garapen iraunkorraren hezkuntza programa honek hiru oinarri ditu:

  • Curriculumaren egokitzapena
  • Ikastetxeko eta inguruko baliabideen kudeaketa iraunkorra
  • Parte-hartzea herritar gisa

Haztegi Ikastolak bere Eskola Agenda propioa izan arren, Urola Garaiko beste ikastetxe guztiekin batera Tokiko Agendan parte hartzen du, guztien artean hitzartutako gai edo ingurumen-alderdi bat aztertuz eta udalari hobetze-proposamenak helaraziz. Honakoak dira jorratu ohi diren gaiak: ura, energia, hondakinak, kontsumoa, biodibertsitatea, mugikortasuna, elikadura jasangarria …  Proiektu honetako koordinatzaileekin hilero gauzatzen dira bilerak, eta bertan, ikastetxe ezberdinetako esperientziak trukatzeaz gain, proiektua aplikatzeko eta ebaluatzeko metodologia nahiz baliabideak aztertzen dira. 

Bestalde, ikasle, irakasle eta guraso ordezkariek eraturiko Ingurumen Batzordea aldiro biltzen da ingurumenari dagozkion gaiak jorratzeko, eta ondoren, komunitate osoari zabaltzeko.

Eskola jasangarriaren ziurtagiria

Eskola Agenda 21 programa 2003/2004 ikasturtetik garatzen ari da eta honen garrantzia nahiz ekimenen kalitatea handituz joan da urtez urte. Hasierako urte haietan “errekonozimentu falta” nabaritu zen eginiko lanaren aurrean, eta hori ikusirik, Ingurumen eta Hezkuntza Sailek erabaki hau hartu zuten: Aintzatespen prozesua sortzea. 

Aintzatespen prozesu hau gainditzen duten ikastetxeei Eskola Jasangarriaren ziurtagiria ematen zaie eginiko lan bikaina errekonozitzeko, galdetegi bat bete eta auditoria pasa ostean. 

Haztegi Ikastolak 2009/10 ikasturtean lortu zuen ziurtagiri hau lehen aldiz, eta geroztik, indarrean mantendu du 4 urtean behin berrituz: 2013/14an eta 2017/18an.

Gaia: Basoak eta ura

AURKEZPENA - AGENDA 2030

Imagen1

 

 

 

Proiektu Digitala

Jarraian Haztegi Ikastolako "proiektu digitala" duzue ikusgai.