Errealitatera gerturatuz, heldutasunerako bidea eraikiz

Bigarren Hezkuntza

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza Haztegin


Etapa honetan 12-16 urte bitarteko ikasleak daude, nerabezaroan bete-betean. Etapa hau haur izatetik heldutasunerako bidea da. Prozesu honetan autonomia garatu eta ardurak hartzen ikasiko dute. Horrela, bizitzako egoerei aurre egingo dieten pertsona konpetenteak heztea da gure helburua. Pertsona bere osotasunean garatzeari garrantzia ematen diogu, horregatik ezinbestekoa da balioetan oinarritutako hezkuntza lantzea. 

Gure egunerokoa

Azken urteotan EKI egitasmoarekin egiten dugu lan. Proiektu honi esker, ikasleek ezagutzez gain, konpetentziak ere lantzen dituzte. Teknologia digitalak ezinbestekoak dira gure egunerokoan. Ikasgai batzuetan  (Gaztelanian, Gizarte Zientzietan eta Ingelesean) ikasleek material guztia plataforma digitalean dute, Alexia Clasroom-en, eta bertan zuzenean egiten duten lan. 

Bigarren Hezkuntzara iritsitakoan ikasleek, lehen aldiz, arloen artean aukeraketa egin behar izaten dute. DBHko lehenengo mailan Plastika eta Frantsesaren artean aukeratu behar dute; azken urtean, berriz, DBHko 4. mailan Teknologia edo Kultura Klasikoaren artean. 

Ikastolaren helburu nagusietako bat euskaraz biziko diren pertsona eleanitzak heztea da. Horregatik, euskara oinarrizko hizkuntza izango da ikasgai guztietan. Esan bezala, eleaniztasuna gure beste ardatzetako bat da. Alde batetik, etapako lehenengo mailan 4. hizkuntza, frantsesa, ikasten hasteko aukera dute ikasleek. Bestetik, DBH3 eta 4 mailetan Gizarte Zientziak ikasgaia ingelesez landuko dute.

Horrez gain, ikaslearen jarraipen akademikoa eta pertsonala egiten da. Etaparen amaiera hurbiltzen doan heinean, ikaslearen ibilbide akademikoaren aukeraketan  ikasleak, familiak eta irakasleek elkalanean  jarduten dute. 

Ordutegia

Astelehena, asteartea eta osteguna 8:00 - 12:30 | 14:30 - 16:30

Asteazkena eta ostirala 8:00 - 14:00

EKI proiektua

Image

Euskara ardatz duelarik EKI proiektua ikastola guztion artean diseinatutako proiektua da. Euskal Curriculumeko Konpetentzietan oinarrituta dago eta Integrazioaren pedagogiaz baliatzen da.

Ezaugarriak

  • 2013/2014 ikasturtetik aurrera indarrean dagoen proiektua da.
  • Gaztea bere osotasunean hartzen duen proiektua da.
  • Edozein bizitza-egoeratan konpetentea izatea lortu behar du ikasleak: pentsatzen eta ikasten, komunikatzen, elkarrekin bizitzen, norbera izaten eta egiten eta ekiten jakin behar du.
  • Konpetente izateko ikasitako edukiak antzeko ezaugarriak dituzten beste egoera batzuetara transferitzen ditu, bakarka nahiz talde-lanean, beharrezkoak diren arloetako ezagutzak aplikatuz.
  • Konpetentzia digitala lantzea ahalbidetzen du.
  • Eleaniztasuna bultzatzen du:  hizkuntzen (euskara, gaztelania, ingelesa eta frantsesa) planteamendu integratua egiten du.
  • EKIGUNEA. EKI proiektuaren webgunea, euskarri digitalak biltzen dituen txokoa: audioak, bideoak, animazioak, irudiak, jarduera osagarriak, konpetentzia digitala lantzeko fitxak eta informazio-testuak.
  • Hiru fase bereizten dira proiektuan: hasiera fasea (ikaslearen aurrezagutzak aktibatzea zein ezagutzea eta motibazioa piztean oinarritzen da), garapen fasea (edukien bidez, ezagutza berriak ikertzeko aukera eskaintzen du. Ikerketan eta esperimentazioan oinarritzen den heinean, ikasleak hainbat gaitasun garatzeko aukera izaten du) eta amaiera fasea (unitatean zehar landu diren edukiez baliatuta, proiektu bat aurrera eramaten du, ordura arte barneratutako guztiarekin).
  • Konpetentziaren ebaluazioa: pertinentzia (ikasleak egoeraren eskakizuna ulertzen  eta planifikatzen du); baliabideen erabilera (planifikatutakoa gauzatzen du) eta koherentzia (emaitzaren onargarritasuna baloratzen du).

EKI digitala

Gaur egungo gizarte digitalizatuari erantzuna eman nahian, EKI proiektuak ikasmaterial digitalak eskaintzen ditu eta hauek gero eta presentzia handiagoa dute ikaste-prozesuan. Hala, Bigarren Hezkuntzako zenbait arlotan liburu digitalak erabiltzen dira eta horretarako ikasle bakoitzak bere ordenagailua du. Ondorengo arlo eta mailetan erabiltzen da EKI digitala Haztegi Ikastolan:

  • DBH 1 eta 2 mailetan Gaztelania arloan;
  • DBH 3 eta 4 mailetan Ingelesa eta Gizartea arloetan.

Liburu digital hauek paperezkoak eskaintzen dituen aukera guztiak bermatzeaz gain, propioak dituen abantailak irakasle eta ikasleen eskura jartzen dituzte (bideo, audio, zuzenketa automatiko, fitxa partekatuak, erabilera zehatzetarako aplikazioak…).

Azken urte hauetako liburu digitalaren erabilerak argi utzi du, eredu jasangarria izateaz gain, ikaste-prozesuan duen onura pedagogikoa, ikasleak bere konpetentzia digitala garatzeko euskarri garrantzitsua baita.

In Europe dokumentalak

Ikasleek dokumentalak egiteko prozedurak pausoz pauso landu ondoren beraiena grabatzen dute ingelesa erabiliz. Proiektu honen baitan hainbat gai aztertzen dira, hala nola, aldaketa klimatikoa, migrazioa edo historia.  Gainera, elkartruke proiektu bat da, zeinetan dokumentalak atzerriko eskola bateko ikasleekin partekatu eta landutako gaien inguruan hitz egiten eta eztabaidatzen den, hainbat iritzi alderatuz.

Pen-friend proiektua edo posta laguna

Proiektu honek gure ikasleak urteetan lantzen aritu diren ingelesa bizitza errealeko testuinguruetan erabiltzea du helburu. Atzerriko eskola bateko ikasleekin kidetzen dira eta ingelesa erabiliz harremanetan jartzen dira. Posta elektronikoa, posta arrunta, bideo nahiz bideo dei bitartez komunikatzen dira, elkar ezagutu eta bata bestearen kulturaren berri emanez. Atzerriko hizkuntzaren erabilgarritasunaz eta kulturartekotasunaren balioaz jabetzea lortu nahi dugu.