DBHO 2ko ikasleak Varsovian bizitako esperientzia ahaztezina

Ikasturtea hastearekin batera Batxilergoko 2. mailako ikasle talde batek Varsoviara bidaiatzeko eta bertako ikasleekin esperientzia partekatzeko aukera izan zuen. Bidaia ez zen soilik hiri berri bat ezagutzeko aukera izan; ikasteko, hausnartzeko eta beste kultura batekin harremana izateko esperientzia aberasgarria ere izan zen.
Egun hauetan zehar, adimen artifiziala eta nerabeen ongizatea ardatz zituzten hainbat jarduera eta dinamika egin genituen. Gaurkotasun handiko gai horien inguruan hausnartu, iritziak partekatu eta ikuspegi desberdinak ezagutzeko aukera izan zuten ikasleek, teknologia eta ongizate pertsonala lotzen dituzten erronkei buruz modu kritikoan pentsatuz.
Horrez gain, Varsoviako historia eta kultura gertutik ezagutzeko aukera izan genuen, hiriko museo eta leku esanguratsuak bisitatuz. Baina, zalantzarik gabe, hiria bertako ikasleen eskutik ezagutzea izan zen esperientziaren alderdirik berezienetako bat. Haien begiradatik ezagutu genuen Varsovia, eta horrek ikasleen arteko harremanak eta kultura-trukea are gehiago aberastu zituen.
Esperientzia honek ikaskuntza akademikotik harago doazen onura ugari ekarri dizkie gure ikasleei: autonomia eta konfiantza handiagoa, komunikaziorako eta talde-lanerako gaitasunak, beste kultura eta errealitateekiko errespetua, ikuspegi kritikoa eta Europako beste gazteekin harremanak eraikitzeko aukera.
Azken batean, bidaiatzea ere ikastea delako. Beste leku batzuk ezagutzeak gure mundua zabaltzen du, eta beste pertsona batzuekin partekatutako esperientziek gure ikasleak aberasten dituzte.
Eskerrik asko Varsoviako ikasleei eta komunitateari harrera beroagatik! Esperientzia izugarria izan da, eta ziur gaude oroitzapen eta ikaskuntza asko eramango ditugula gurekin.


