Heriotzaren pedagogia Haztegi Ikastolan

Emozio-heziketa osasungarria hedatzeko asmotan, Haztegi Ikastolako irakasleok Nerea Mendizabalen eskutik “Dolua”ren inguruko formazio saioak jaso ditugu, sinetsirik baikaude heriotzaren psikopedagogian heztea bizitzarako heztea dela. Gaur egun, oraindik ere, kosta egin ohi zaigu heriotzaren inguruan naturalki hitz egitea eta barneratuta dugu bizitzan emozio onak eta txarrak bereizten direla, baina ideia hau puskatu beharra dugu, emozio guztiak baitira ezinbestekoak bizitzari aurre egiteko. Era berean, garrantzitsua da emozio horiek bizitzeaz gain, adierazten ikastea ere. Hau dela eta, ikasleei doluaren bizipena bizipen natural gisa hartzen lagundu nahi diegu, heriotzari buruz hitz egitea ez baita hiltzea. 

Hau guztia kontuan izanik, HHko ikasleak emozioen inguruko lanketarekin ari dira eguneroko gertakariak oinarri hartuta. Galera bitarteko hartuta “dolua” gelaratu da horren inguruan sortzen diren emozioak bideratzeko asmoz. 

LH5en, bestalde,  hainbat tutoretza saio eskaini dizkiogu gai honen lanketari. Ikasleek gaia gogotsu hartu zuten hasieratik eta honen inguruan zituzten hainbat kezka zein beldur azaleratu zituzten. Ondoren hainbat material (abestiak, ipuinak…) erabilita gaiaren lanketa sakona egin genuen euren kezka eta zalantza horietatik abiatuz. 

Bestalde, DBH3n ere Balio Etikoetako ikasgaian lanketa sakona egiteko aukera izan dugu. Ikasleek heriotzaren inguruan duten jakin mina abiapuntu hartuta, etxeetan gaiaz hizketa egiteko aukera izan dugu ondoren hausnarketarako tartea hartuz. Hainbat material erabilita heriotzarekin lotutako sentimentuak (amorrua, ukazioa, errua…) landu ditugu. Lanketari bukaera emateko, zaintza paleatibotan lanean aritutako Mikele Arizkorreta erizainarekin saioa izan dute. 

Ikasturte honetan bildu ditugun esperientziak tutoretza planean txertatzea da gure helburua. 

“Heriotzaren gaia Hezkuntzan sartzen ez bada, ez da bizitzarako hezten”  Mar Cortina 

 

DOLUA 2