Ikastola Eguna 2022 - Eskerrik asko!
ESKER ONEKOAK GARA!
Eguraldiak eskainitako ater uneak aprobetxatuz, ekin diogu 2022ko Ikastola eguna festari eta merezi genuen bezala ospatu ahal izan dugu. Bi urteko etenaren ondoren, hainbat eta hainbat konturi egin behar izan diogu aurre eta ezin izango genuen aurreikusitako guztia egin hainbaten laguntzarik gabe.
Aurten bi egunetan antolatu ditugu ekintzak. Orain eskerrak ematea dagokigu!
Eskerrak gure ikasle guztiei egun honetan ere erantzuten jakin duzuelako. Protagonistak zuek zarete eta zuekin eta zuentzat ari gara.
Esker berezia Igor Andueza Zabalo LH3ko ikasleari. Bere marrazteko gaitasunari esker, Atracciones Sanzek Ikastola egunerako parkea oparitu digu. Eskerrik asko Juanpa! Izugarri gozatu dute ikasleek!
Eskerrak baita ere Legazpiko Erraldoi Konpartsari gure festa eguna alaitzeagatik! Larunbatean berriz, eskalada, slackline eta garai bateko jolasak izan genituen. Esker bereziak laguntzen aritu zinetenei eta Arruaha eta Buztintegiko kideei.
Eskerrak ikastolako familia guztiei. Ikasturte luze honetan egindako elkarlanaren emaitza da egun hau eta batetik eta bestetik denok lagundu duzue.
Eskerrik asko goizean goiz gosaltzeko txurroak ekarri dituzuenoi. Egunari ekiteko indarra eman digute eta behar-beharrezko genuen.
Eskerrak txoko solidariorako materiala (bizkotxoak, bitxiak…) ekarri duzuen guztioi. Gu baino okerrago daudenak ere gogoan izan behar ditugu: elkartasuna da gure ezaugarrietako bat.
Eskerrak musika eskolari gure festa eguna alaitzen laguntzeagatik.
Eskerrak udalari materiala uzteagatik! Eskerrak mahaiak eta aulkiak jarri eta kentzen aritu zareten guztioi. Jartzea gutxi ez eta dena bukatutakoan azken ahalegina ere egin duzuelako.
Eskerrak elkarrekin afaltzen elkartu garen guztioi. Giro ezin hobea sortu dugu denok batera. Urrunetik entzungo ziren gure kantu eta algarak.
Eskerrak bertaratu zareten guztioi. Eta bertaratu ezinik geratu zaretenoi ere bai. Etena luzea egin zaigu eta Ikastola eguna ospatzeko irrikitan geunden. Pozgarria izan da berriz ere auzolanean eta festa giroan elkartzea.
Datorren urtera arte, ESKERRIK ASKO!