Eskola Kirolaren inguruko hitzaldia

Azaroaren 2an 18:00etan Eskola Kirolaren inguruko hainbat gai jorratzeko hitzaldia egingo da Zumarragako Zelai Arizti Kultur Etxean eta zuek bertan izatea eskertuko genuke. Hitzaldian esparru ezberdinetako adituek parte hartuko dute eta ondorengoak dira landuko dituzten gaiak:

      Oidui Usabiaga – Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietan doktorea
 
2021ean “Kirol hastapena: Errendimendu, osasun, kirol ohitura eta garapen integralerako jarraibideak” ikerketa argitaratu zen, EHUk Eskola Kiroleko Euskal Batzordearen enkarguz egindakoa. Usabiaga ikerketa honen koordinatzailea izan zen. Bertan, kirol hastapenaren, espezializazio goiztiarraren, lehiatzen hasteko adinaren eta kirol jarduera aniztasunaren inguruko galderei erantzun zientifiko bat ematen zaie. Ikerketaren ondorio nagusiak partekatuko dira hitzaldian.
 
      Iñaki Iturrioz – Gipuzkoako Foru Aldundiko kirol zerbitzuburua
 
Iñaki Gipuzkoako eskola kirol ereduaz mintzatuko da. Honen ezaugarriak zeintzuk diren, zertan oinarrituta dauden eta nolako antolaketa duen azalduko du.
 
      Juan Aldaz – Soziologian doktorea
 
8/2021 Lege Organikoak, ekainaren 4koa, Haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean osorik babesteari buruzkoak, kirol-erakundeek horretarako protokoloak eta pertsona ordezkari bat izateko beharra ezartzen du. Lege hori onartu eta berehala, Eusko Jaurlaritzako eta hiru Lurraldeetako Foru Aldundietako Kirol Zuzendaritzek, erakunde ezberdinetako adituekin, lantalde bat eratu zuten EAEko kirolaren eremuan ezarri diren eskakizunei erantzuna eman nahian. Horrela Euskadin antolatutako kirolean haurren eta nerabeen ongizatearen kultura sustatzen jarraitzeko protokoloa eta tresna-kutxa eratu zuten. Aldaz aditu talde horretako kidea izan da eta haur eta nerabeen babesaz eta aipatutako tresna-kutxaz arituko da.
 
      Isabel Abella – Zuzenbidean lizentziatua
Abella Zure Taldekoak Gara Eusko Jaurlaritzak eta Basque Teamek kirol arloan sexugehiegikeria eta sexu-jazarpena eta sexuagatiko jazarpena artatzeko duen zerbitzuaren arduraduna da. Kirolean ematen diren indarkeria mota ezberdinez mintzatuko da eta hauei aurre hartu edo behin gertatuta nola jokatu azalduko du.
 
      Igor Alcelay – ZERKI
Urretxu, Zumarraga eta Legazpiko eskola kiroleko programa aurrera eramatearen ardura du ZERKIk. Alcelayk 2022-2023 ikasturteko programaz eta Urola Garaiko Eskola Kirolaren antolaketaz hitz egingo du.
 
Bertan elkar ikusiko dugulakoan. Ondo izan, 
 
Eskola Kirolaren Inguruko Hitzaldia 1