“Ikasle bat, Kilo bat” - Hotz Legazpirekin elkarlanean
Hotz Legazpik azaroak 26an Zaporeak elkartearekin elkarlanean, janari bilketa aurrera eramango dugu.
Zaporeak Europara iristen diren errefuxiatuei janari duina eskaintzen dien irabazi asmo gabeko elkartea da. Grezian, Lesboseko errefuxiatuen esparruetan gatibu dauden iheslariei janaria prestatzen diete. Baldintza zaurgarrienetan bizi diren pertsonei, janari bero eta elikagarria eskaintzen die.
Jasotzen duten babesa, guztiz ezinbestekoa da beraien helburua bete ahal izateko: sukaldean egunero 2.000 otordu kozinatzea eta horiek kanpamenduko pertsona errefuxiatuen artean banatzea. Jasotako baliabideak Lesboseko sukaldeko biltegira bidaltzen dituzte. Tokiko hornitzaileei produktu freskoak, barazkiak, fruta eta haragia erosten dizkiete, menuak osatzeko eta janariaren nutrizio-ezaugarriak hobetzeko asmoz.
“Beraien sustraiekiko koherentziaz sukaldatzen dugu, beraien kultura-eskubideak eta ohiturak duintasunez errespetatuz.”
“Elkartasunetik bideratzen dizkiguzuen ekarpen horiek dira, gure lanarekin jarraitzeko behar dugun indarra ematen digutenak” esaten digute.
Oraingo honetan bidali diguten beharrei erantzuna emateko, ikastetxeetan arroza, pasta, babarrunak eta garbantzuak biltzea proposatzen dizuegu. Legazpiko ikasleak parte hartzera animatzen ditugu, “Ikasle bat, Kilo bat” lelopean.
Azaroak 25, ostirala, izango da elikagai hauek Ikastolara ekartzeko azken eguna, idazkaritza parean dauden kaxa marroietan utzi beharko dira.
Elkarrekin indartsuagoak gara!