Haztegi Ikastolako ikasleak 2023ko Liburuaren egunean

Udal liburutegiak antolatuta, Liburuaren egunaren bueltan hainbat idazle etorri zaizkigu herrira.

Ez da erreza egungo gizartean irakurle berriak letren mundura erakartzea, baina saiatu beharra dagoenez gero, zer hoberik idazleak eurak aurrez aurre edukita baino?

Literaturak badu bere misterioa, eta misterioa desberdina da adinaren arabera; bakoitzari berea, jaungoikoaren legea. Jaungoiko, deabru edo dena delako, DBH2ko ikasleak Jon Arretxerekin solastu ziren Trumoiaren alaba eleberriaren inguruan, tsunami bortitz batek bizitza hankaz gora jartzen dion neska abenturazale baten bizipenak gai hartuta. Idazlearen bizipen pertsonalek fikzioa sortzeko balio dutela erakutsi zuen Arretxek.

Idazle eta bidaiari izanik, Arretxeri galdetu zioten aukeran zer nahiago duen, bidaia edo idazketa. Ez bata ez bestea, erantzun zuen Nafarroan bizi den bizkaitarrak. Batak ez du bestea kentzen, bata ez da bestea baino hobea. Ez da ikasleendako mezu txarra; beti kanpora begira ibili gabe, inoiz barnera begira jartzeak on egingo die, eta literatura tresna egokia izan liteke, kanporako nahiz barrurako. Haien hautua izango da, ordea.

Batxilergoko 2. Mailako ikasleak, berriz, Patxi Zubizarretaren Zerria lanaren inguruan aritu ziren hizketan, Alpeak eta Zuberoako bortuak lotzen dituen istorioaren nondik norakoak aztertuz. Baina bizitzaz ere sakon jardun zuen Patxik, bizitzaren eztia eta ozpina, pasioa eta ezina astindu zituen gure artean eta munduaz ikasteko eta mundua dastatzeko gonbidapena luzatu.

Lehen Hezkuntzako LH4ko ikasleek berriz, Paddy Rekalde idazlearen bixita jaso zuten. Bigarren hiruhilabetean zehar ""Lapatza"" liburuaren irakurketarekin amaitu ostean, solasaldia izateko aukera izan zuten.

Paddy 2

Patxi 1