KMK 23' - “Gure Añabitarte” kontzertua

Kilometroak 23ren antolaketan murgilduta dabiltza Orereta Ikastolan, urte  guztian zehar ekimenak mamitzen eta josten. Urriaren 1eko jai handiaren  aurretik, baditugu oraindik hitzordu batzuk eta horietako baten berri ematera  gatozkizue.  

Uztailaren 19an, Añabitarte baserriaren erosketaren 50. urteurrena  ospatzeko, “Gure Añabitarte” kontzertua eta gaubela antolatu dute Añabitarten bertan; mendialdean, paraje paregabean. Euskal Herria mendebaldetik ekialdera josiz musika, herria eta mendia uztartzen dituen Urmuga Festibalarekin elkarlanean, ongi merezitako omenaldia egingo  diogu. 

Bertan izango dira Alaitz eta Maider, Alex Sardui, Janus Lester, Olaia  Inziarte, Xutik, Aire Ahizpak, Arkaitz Miner eta Et Incarnatus orkestra.  Iratzar erromeria arduratuko da gaubelaz, euskal produktuen txosna ere ez da faltako. Sarrerak salgai daude urmuga.eus webgunean (20€,  16 urtetik gora | 5€, 16-5 urte artean | doan, 5 urtetik behera).

Badugu zer ospatua, eta badugu zer oroitua: orain mende erdia hazia jarri  zuten herrikideak, geroztik hazi hori loratzeko lan egin duen komunitatea,  egun horretan dihardutenak eta etorkizunean testigua hartuko dutenak. 

Den-denei, eskerrak emateko aukera ederra dugu, eta nahia ez dugu falta. 

Eta zuek ere, Gipuzkoako Ikastolakideak, gonbidatu nahi zaituztegu  hitzordura.

Anima zaitezte eta anima itzazue zuen Ikastoletako  komunitatekideak! Ederra izango da! 

Kilometroak 23 urmuga gure añabitarte kontzertua compressed page 0001