Zergatik Ikastola?

ZERGATIK IKASTOLA?
 Hainbat arrazoi ikastolakide izateko; topatu zureak!
 
 
✔ Bertakoa, herrikoa delako 

        Herritik, herriarentzat eta herrirako sortutako proiektua da Ikastola.  Denona eta denontzat, baita zuretzat ere. 

✔ Euskal Herrikoa delako 

        Muga administratiboez gaindi, Euskal Herri osoan hezkuntza euskalduna,  eredu propioduna eta kalitatezkoa eskaintzen duten hezkuntza-erakunde  bakarrak dira Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko (EHI) ikastolak –  AEKrekin batera–. 

        Gainera, EHIko ikastola guztiok parte hartzen dugun Elkartasun Kutxaren  bidez sortze fasean, garapen fasean edota krisian diren ikastolak zein  proiektuak laguntzen ditugu eta, besteak beste, laguntza horri esker daude  martxan Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko ikastolak, zonalde horiek  euskalduntzeko ezinbesteko tresnak. 

✔ Euskalduna eta euskaltzalea delako 

        Euskaran eta euskal kulturan ardaztutako proiektu multikultural eta  eleanitza garatzen du Haztegi Ikastolak. Horretarako sortu zen eta  horretan jarraituko du. Ikasleek euskaraz bizitzeko behar dituzten giroa  eta bitartekoak eskaintzen ditu Haztegi Ikastolak.

✔ Jasangarria delako 

        Jasangarritasunaren aldeko heziketa bultzatzea da Haztegi Ikastolaren  helburuetariko bat. Horretarako, Eskola Agenda 21en jarraipena den  Eskola Agenda 2030 proiektua dugu martxan. Haztegi Ikastolak bere  Eskola Agenda propioa izan arren, Urola Garaiko beste ikastetxe guztiekin  batera Tokiko Agendan parte hartzen du, guztien artean hitzartutako gai  edo ingurumen-alderdi bat aztertuz eta udalari hobetze-proposamenak  helaraziz.

✔ Ikaslea erdigunean jartzen duelako 

        Haurren jakin-min eta senetik abiatuta, jakitearen paradigmatik egitearen  eta erabiltzearen paradigmara egin du jauzia Ikastolak. Izan ere,  Ikastolaren egitekoa ez da irakastea soilik, pertsonaren garapen  integralaz arduratzea baizik. Haur eta gazteak bizitza osoan ikasten  jarraitzeko prestatzen dira, aurrera egiten ikasteko. Horretara bideratuta  daude profesionalen lana zein Ikastolako eraikin eta espazioak. 

✔ Eraldatzailea delako 

        Jendartearen beharretara egokitutako pedagogia-eskaintza eraldatzaile  eta berritzaileak garatzen ditu Ikastolak, teknologia eta bitarteko propio  berrien bitartez. Abangoardia gara, esaterako, pedagogia-proiektu  berritzaileetan eta hauen sorkuntzan. 

✔ Lantalde egonkorra duelako 

       Haztegi Ikastolako langile gehienak finkoak dira eta konprometituta  daude Ikastolen proiektuarekin. 

✔ Kooperatiba delako, irekia eta denena 

        Modu parte-hartzaile eta profesionalean kudeatutako herri onurako  kooperatiba da Haztegi Ikastola, irabazi asmorik gabea. Hortaz,  herrikoa eta parte-hartzailea da. Bazkideek osatzen dute Ikastola, eta haiek  marrazten dute bere ibilbidea –gurasoen kolektiboak osatzen du  gehiengoa–. Hala, nahi duen guraso orok du kooperatiba antolatzeko  lanetan parte hartzeko aukera. Elkarlanean sinesten du Ikastolak. 


ZATOZ GUREKIN, ZATOZ IKASTOLARA!