Lau ikastola eta Kanboko Ikastolen Etxea lagunduko ditu Elkartasun Kutxak
Elkartasun Ikastolak EKEren Batzar Nagusia egin zen Gasteizen pasa den ostegunean, azaroaren 14an, Armentia ikastolan.
Gure mugimenduko 114 ikastoletako ordezkariek Elkartasun Kutxara heldu den urteko diru laguntzak nola banatuko dituzten ebatzi zuten batzarrean. Batasunaren eta kohesioaren balioa azpimarratu zuten bertan, bai eta elkartasuna eta lurraldetasuna ere. 736.000 euro banatu ziren; Argia, Ibaialde, Argantzun eta Kattalin Elizalde ikastolek jaso dute laguntza.
Euskal Herriko 114 ikastolen elkartasun adierazpide den elkargunea, ikastolenak diren hainbat balioen praktika dela esan zen. “Izan ere, halako ekimen baten atzean ez baitaude datu ekonomikoak soilik, elkartasuna, lurraldetasuna eta taldekotasunaren praktika ere bada ekimen hau”. 736.000 euro banatu ziren batzarrean, lau ikastolaren eta Kanboko Ikastolen Etxearen artean, euren proiektuak garatu ahal izateko bultzada izan dadin. Laguntza hau heldu den urterako da, eta kapital ekarpen gisa eman dira.
Honela banatu dute heldu den urteko laguntza:
- Argia Ikastola (Tutera): 120.000 euro
- Ibaialde Ikastola (Lodosa): 120.000 euro
- Argantzon ikastola (Argantzon) : 50.000 euro
- Kattalin Elizalde kolegioa (Senpere) 300.000 euro; eta lanen bigarren faseari ekinez gero beste 100.000 euro
- Ikastolen Etxea (Kanbo): 46.271 euro
“Erabaki hauei esker Euskal Herrian euskararen normalizazioaren bidean ezinbestekoak diren egitasmoak lagunduko ditugu”, adierazi zuen Ikastolen Elkarteko lehendakari Nekane Artolak. “Taldeak norberaren errealitate eta egoeratik harago begiratzeko aukera ematen digu. Taldeak markatzen digu iparra, galduta gaudenean, ematen digu babesa garai zailetan, pozak partekatzeko ospakizunak antolatu eta erabakiak hartzeko sendotasuna ematen digu. Gure izatearen oinarri dela esan dezakegu, beraz”.
Elkartasun Ikastolak Europar Kooperatiba Elkartean Ikastolen Elkarteko ikastola guztiak batzen dira, eta urtean behin egiten duten Batzar Nagusian erabakitzen dute hurrengo urtean zein ikastolari eman laguntza. Modu horretara, euren kabuz aurrera eramaterik ezin dituzten proiektuak aurrera ateratzeko aukera dute, ikastola guzien elkartasunari esker.
Armentia ikastolan elkartuta, joan zen asteko Batzarrean ere azpimarratu zen ikastolen elkartasunaren bitartez egun indartsuak diren ikastolek aurre egin ahal izan zietela euren erronkei beharra izan zutenean. Armentia bera da horren erakusle. 1992an sortu zen Gasteizen, 17 ikaslerekin, eta 1995era arte ez zuten baimen administratiborik lortu. Hastapeneko urte horietan Euskal Herriko gainerako ikastolen laguntza jaso zuten, eta egun, mila ikasletik gora dituen ikastola sendoa da.