Booktuberboom lehiaketa - Ikasle saridunak

Ikastolako hainbat ikasleek Booktuberboom lehiaketan parte hartu dute. Parte hartzeaz gain, sariak ere jaso dituzte.

Dagoeneko iritsi da Booktuberboom lehiaketaren VIII. edizioa amaierara. Aurten sorpresa ugari izan ditugu: Booktuberboom_+ saio berriak YouTuben, Lur Errekondoren booktubea… Baina Booktuberboom_+ lehiaketa bat denez, ezinbestean lehiaketa irabazi eta saria jaso duten artistak aipatzea dagokigu orain.

Lehenik eta behin, Ane Garoña izan da epaimahaiaren lehen sarirako hautatua izan den gaztea. Anek “Ezezagunak” (David Lozano; Itzul.: Miren Ibarluzea) liburuaren iruzkin eta gomendio zoragarria egin digu.

Epaimahaiaren hitzetan, “gidoi landua duen booktubea da. Azpitituluak, off ahotsa, antzezpena, jantziak, makillajea eta lokalizazioak ondo landu ditu Anek booktubea eta booktrailerra nahasten dituen bideo honetan. Eszenatoki gisara bere etxeko sofa, manta eta pijama aukeratu izana, irakurtzeko toki goxo hori irudikatuz, ideia bikaina izan da. Ikusleari booktrailer formatuan laburpen txiki bat egiten dio ondoren, booktube formatuan, liburua gomendatzeko. Lan originala eta txukuna”.

Booktuber lanetan jarraitzeko kamera, tripodea eta mikrofonoa eramateaz gain, liburu eta disketan gastatzeko 200€ko bonoa ere eraman du. Aneren kasuan, booktube modu pribatuan aurkeztu du lehiaketara, Booktuberboom_+ lehiaketan bideoak publiko edo pribatuan aurkezteko aukera eskaintzen baita.

Irudian Ane Garoña azaltzen da. Lehenengo saria lortu du.

Bestetik, Booktok kategoriako garailea, azkenik, Elene Gine, Iraia Uribeetxeberria, Eider Ripa eta Irati Arroio legazpiarrek osatutako taldea izan da “Nur” (Toti Martinez de Lezea; Ilus. Ivan Landa)  sagari buruzko booktokarekin. Epaimahaiak esan duenez, “Nurren saga aurkezten digu booktook honek liburutegian zehar bidaiatzen dugun bitartean. Irudi landuak, lokalizazio oso egokiak, plano ederrak, aktore ugari, inplikazio handiko lana dela ikusten da”.

Elene Gine, Iraia Uribeetxeberria, Eider Ripa eta Irati Arroio legazpiarrek osatutako taldea.

ZORIONAK DENEI!