Zergatik Ikastola? - Hainbat arrazoi ikastolakide izateko; topatu zureak!

Hainbat arrazoi ikastolakide izateko; topatu zureak!

ZERGATIK IKASTOLA?



Bertakoa, herrikoa delako

Herritik, herriarentzat eta herrirako sortutako proiektua da Ikastola. Denona eta denontzat, baita zuretzat ere.

Euskal Herrikoa delako

Muga administratiboez gaindi, Euskal Herri osoan hezkuntza euskalduna, eredu propioduna eta kalitatezkoa eskaintzen duten hezkuntza-erakunde bakarrak dira Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko (EHI) ikastolak –AEKrekin batera–.
Gainera, EHIko ikastola guztiok parte hartzen dugun Elkartasun Kutxaren bidez sortze fasean, garapen fasean edota krisian diren ikastolak zein proiektuak laguntzen ditugu eta, besteak beste, laguntza horri esker daude martxan Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko ikastolak, zonalde horiek euskalduntzeko ezinbesteko tresnak.

Euskalduna eta euskaltzalea delako

Euskaran eta euskal kulturan ardaztutako proiektu multikultural eta eleanitza garatzen du Haztegi Ikastolak. Horretarako sortu zen eta horretan jarraituko du. Ikasleek euskaraz bizitzeko behar dituzten giroa eta bitartekoak eskaintzen ditu Haztegi Ikastolak.

Jasangarria delako

Jasangarritasunaren aldeko heziketa bultzatzea da Haztegi Ikastolaren helburuetariko bat. Horretarako, Eskola Agenda 21en jarraipena den Eskola Agenda 2030 proiektua dugu martxan. Haztegi Ikastolak bere Eskola Agenda propioa izan arren, Urola Garaiko beste ikastetxe guztiekin batera Tokiko Agendan parte hartzen du, guztien artean hitzartutako gai edo ingurumen-alderdi bat aztertuz eta udalari hobetze-proposamenak helaraziz.

Ikaslea jartzen duelako erdigunean

Haurren jakin-min eta senetik abiatuta, jakitearen paradigmatik egitearen eta erabiltzearen paradigmara egin du jauzia Ikastolak. Izan ere, Ikastolaren egitekoa ez da irakastea soilik, pertsonaren garapen integralaz arduratzea baizik. Haur eta gazteak bizitza osoan ikasten jarraitzeko prestatzen dira, aurrera egiten ikasteko. Horretara bideratuta daude profesionalen lana zein Ikastolako eraikin eta espazioak.

Eraldatzailea delako

Jendartearen beharretara egokitutako pedagogia-eskaintza eraldatzaile eta berritzaileak garatzen ditu Ikastolak, teknologia eta bitarteko propio berrien bitartez. Abangoardia gara, esaterako, pedagogia-proiektu berritzaileetan eta hauen sorkuntzan.

Lantalde egonkorra duelako

Haztegi Ikastolako langile gehienak finkoak dira eta konprometituta daude Ikastolen proiektuarekin.

Kooperatiba delako, irekia eta denena

Modu parte-hartzaile eta profesionalean kudeatutako herri onurako kooperatiba da Haztegi Ikastola, irabazi asmorik gabea. Hortaz, herrikoa eta parte-hartzailea da. Bazkideek osatzen dute Ikastola, eta haiek marrazten dute bere ibilbidea –gurasoen kolektiboak osatzen du gehiengoa–. Hala, nahi duen guraso orok du kooperatiba antolatzeko lanetan parte hartzeko aukera. Elkarlanean sinesten du Ikastolak.

ZATOZ GUREKIN, ZATOZ IKASTOLARA!