Azaroak 25 - Manifestua

Jarraian, Batxilergoko ikasleek gaurko egunean argitaratu duten manifestua duzue irakurgai.

AZAROAK 25

Aurten 2021eko azaroak 25, Emakumeen aurkako indarkeria aldarrikatzeko bildu gara beste behin, azken urteetan egin dugun bezala. Azkeneko urteak zailak izan dira denontzat: etxeratzea, osasun krisia, krisi ekonomikoa, langabezia, etab. Egoera ekonomiko kritikoari eta horren ondorioei buruzko kezka, komunikabideetako, eta herritarren elkarrizketetako titular gehienak menperatu dituzte, genero indarkeriaren arazoa alde batera utziz. Genero-indarkeria arazo larria da, aurten ehun emakume baino gehiago hil baitira, baita haien seme-alabak ere.

Beraz, Haztegi Ikastolako ikasleok, inoiz baino ongietorri handiagoa egiten diogu azaroak 25 honi, beharrezkoa duen protagonismoa izan dezan. Modu honetan, desberdintasunaren eta mundu osoan emakumeek bizi duten menderatzearen muturreko egoera azaleratuz.

Ez da asmaturiko ezer, datuek hala diote. 2020an, 45 emakume hil zituzten beraien bikotekide edo bikotekide ohiek, aurreko urtean baino 10 gutxiago. 2021ean, dagoeneko 37 emakumeri genero-indarkeriak bizitza kendu die. Gainera, 24 adingabe umezurtz geratu dira indarkeriaren  ondorioz. 2003tik, erregistroak egiten hasi zirenetik, 1.118 dira jada genero-indarkeriaren ondorioz hildakoak. Estatistikei dagokionez, aurtengo urtean salaketak %77 igo dira iazko urteari begira, eta horrez gain 37 emakume izan dira hildakoak. Izan ere, indarkeria pairatzen duten emakume gehiengoak 31-50 urte bitartekoak dira eta 18 urtetik beherakoek jasaten dutenak tratu txarrak familiako kide batengatik jasotzen dituzte.

Gizonen eta emakumeen arteko indarkeria pertsonen bizitza pribatuan ezkutatuta egon da, eta dago. Are gehiago, emakumeek etxean jardun behar izan dituzten orduen ondorioz. Gure betebeharra, egun honetan eta urte osoan, arazo hau agerian jartzea da, ez baita gai pribatua, interes publikoko arazoa baizik. 

Irmo eta zurrun jardun behar dugu tratu txarren egileen aurkako borrokan, biktimei erabateko babesa eta laguntza emanez. Arduratsu  lan egin gizarte osoaren kontzientzia pizteko, indarkeria matxista eguneroko gaitza baita, gaitz endemikoa. Arazo global honen aurkako konpromezua hartu behar dugu. 

Indarkeria matxistaren indarra murriztu den arren ez da desagertu oraindik eta ez dirudi  desagertuko denik. Ez bagara elkarlanean aritzen, ezingo diogu hainbeste urtez iraun duen arazoari irtenbiderik bilatu. Gure arbasoek hasi zuten borrokari amaiera eman behar diogu. Ezin dugu gehiago atzeratu. Gure ondorengoek mundu justu batean bizitzea merezi dute.

 

25N