
DBHO 1eko Ikasleen Elkartrukea
Udaberriarekin batera jaso dugu Poloniako ikasle talde bat gure ikastolan. Ekintzez, emozioez eta alaitasunez betetako astea izan dugu. Ez da horrelako elkartruke bat egiten dugun lehenengo aldia, izan ere, 2018 eta 2019an ere esperientzi paregabea izan genuen Alemaniako ikastetxe batekin.
Aurten, proiektua berreskuratu eta Haztegi Ikastolako Proiektu Estrategikoaren ardatzetako batekin lotu dugu: ikasleen barne-sendotasuna eta ongizate emozionala. Hezkuntza prozesuan ikasleak dira ardatz eta beraien garapenean izugarrizko garrantzia hartzen dute emozioek. Hori dela eta, Poloniarrekin batera aipatu gaia lantzeko aukera izan dugu. Horrez gain, helburu anitzak dituen proiektua da, besteak beste, kultur aniztasuna, eleaniztasuna, ekintzailetza, kooperazioa, bizikidetza eta autonomia eta hezkuntza-esperientzia. Finean, pertsona-eredua helburu duten ezaugarriak.
Astean zehar gure ikastolako eta herriko bazterrak erakutsi, kultura eta hizkuntzen inguruko lanketa egin, sentimenduak eta izaerak jolasen bidez aztertu eta inguruko herri garrantzitsuenak bisitatu ditugu.
Esperientzia guztiz aberasgarria izan da partaide guztientzat, ikasle, irakasle zein familientzat. Aste hontan bizitako esperientziek eta emozioek berriro ere elkartzeko irrika sortarazi digute eta horrenbestez, Varsoviara joango gara bisitan maiatzaren 16tik 21era.
Eskerrak eman nahi diegu familiei, benetan inplikazio handia erakutsi dutelako; Legazpiko Udalari, harrera eta atentzio ezinhobea eskeini digulako, eta Lenbur Fundazioari, Legazpiko kultura ondarea ezinhobeto azaltzeagatik.