Eskola-materiala erosteko laguntzak | Legazpiko Udala
ESKOLA-MATERIALA EROSTEKO LAGUNTZAK URRIAREN 10ERA BITARTEAN ESKA DAITEZKE.
Legazpiko familiek uztailaren 1etik urriaren 10era arte eska ditzakete eskola-materiala eta ekipo informatikoak erosteko laguntzak. Eskaerak udaletxean egin daitezke Herritarrentzako Arreta Bulegoan (ordutegia: 7.30-15.00) edo Udaleko webguneko Egoitza elektronikoan. Udalak dei berezia egiten du eskaerak Internet bidez egiteko.
Gogorarazi nahi dugu laguntzak udalerriko dendetan erositako eskola-materialarentzako bakarrik direla. Ikastetxeetan egindako erosketak edo Legazpitik kanpoko denden fakturak ez dira kontuan hartuko. Ekipo informatikoak Gipuzkoako Lurralde Historikoko dendetan erosi ahal izango dira.
Laguntzen zenbatekoa familia-errentaren arabera da. Hala, Legazpiko dendetan, eskola-materiala erosteko laguntzak 70 eta 140 euro bitartekoak izan daitezke seme edo alaba bakoitzeko; eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko dendetan ekipo informatikoak erosteko laguntzak 100 eta 350 euro bitartekoak izango dira familia bakoitzeko.
Ekipo informatikoak erosteko laguntza bi urtekoa da. Hau da, aurten ezingo dute laguntzarik jaso aurreko urtean horretarako laguntza eskuratu zutenek. Eskolako materiala erosteko laguntza urtero eskatu ahal da.
Gogoratu 5-6 eta 17 urte bitarteko seme-alabak dituzten gurasoek edo tutoreek eska ditzaketela laguntza horiek, baldin eta Lehen Hezkuntzako 1.mailatik Batxilergora edo Erdi-mailako Lanbide Heziketara bitartean matrikulatuta eta Legazpiko helbide berean erroldatuta dauden. Beste bizileku batean erroldatuta egoteko legezko arrazoiren bat dagoenean, egiaztatu beharko da.
Familia bakoitzak eskaera BAKARRA aurkeztuko du, eta bertan laguntza jasotzeko eskubidea duten familia-unitateko adingabe guztiak sartuko dira. Eskabide-ereduarekin batera, fakturak aurkeztu beharko dira. Fakturak diru-laguntza eskatu duenaren izenean egongo dira eta argi eta zehatz adieraziko dira erositako produktuak. Uztailaren 1etik urriaren 10era bitartean egindako erosketen fakturak onartuko dira.
Legazpiko Udalaren helburua bikoitza da: familiei laguntzea seme-alabak eskolatzeak dakarren gastuan, eta tokiko merkataritzan kontsumoa sustatzea.
->Izapidearen fitxa: https://tramiteak.legazpi.eus/fitxak/6.17
->Ohiko galderak: https://www.legazpi.eus/files/ProzeduraGida/FAQ_EU_ESKOLA_MATERIALA_EKIPO_INFORMATIKOAK.pdf
->Eskaera-orria: https://www.legazpi.eus/files/ProzeduraGida/F1-09EskaeraDLEskolaMaterialaEUS.pdf




