Nerabeen ongizate emozionala sustatzeko saioak Kultur etxean

Legazpiko Udalak nerabeen ongizate emozionala eta teknologiaren erabilera arduratsua lantzeko urrats garrantzitsua egin du ZEOS programa herrian martxan jarriz.

Iniziatiba honek familiei zuzendutako prestakuntza eskaintzen du, gure gazteen osasun mentala eta sare sozialen erabilera egokia indartzeko helburuarekin.

ZEOS programa (Zentzuzko Erabilera eta Osasuna Saretzen) azken urteotan gazteen artean areagotu diren erronka psikoemozionalei erantzuteko sortutako egitasmo berritzailea da. Teknologia eta sare sozialen erabilerak nerabeen bizitzan duen eragin emozional eta kognitiboa jorratzen du, baita autoestimua, identitate eraikuntza eta familia-inguruneko harreman osasuntsuak ere.

Prestakuntza azaroaren 4an hasi bazen ere, aste honetan beste bi saio eskainiko ditugu:

  • Azaroak 10, astelehena: osasun mentaleko erronka nagusiak nerabezaroan (antsietatea, depresioa, autolesioak...)
  • Azaroak 12, asteazkena: autoestimua, balioak eta nortasuna nerabezaroan.

Maitane Ormazabal adituak gidatuko ditu bi saioak. Eusko Jaurlaritzako ZEOS egitasmoaren arduraduna da eta psikologia eta hezkuntza arloan esperientzia zabala dauka.

Saioak 18:00etatik 20:00etara izango dira Kultur Etxean.

Zure esku dago teknologia arduraz erabiltzea eta zure seme-alaben ongizate emozionala sustatzea!

0288919174e6560da3e0996980ffff2d w560