Abenduaren 3a, Euskararen Nazioarteko Eguna
Berriak
Gaur, abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatu dugu Haztegi Ikastolan.
Ikastolan, dakizuenez, euskararen normalizaziorako Euskaraz Bizi plangintza daramagu aurrera. Plangintza hau eraginkorra izateko denon parte hartzea beharrezkoa da: irakasle, ikasle, begirale, guraso, irakaskuntzan aritzen ez diren langileak …
Egun honetan ikastolan hainbat ekintza burutu ditugu ikasle guztien inplikazioarekin, hala nola, euskararen erabileraren inguruko hausnarketa, pregoiaren irakurketa, marrazkiak, Argitxoren inguruko zenbait ekintza...
Eta zer egin dezakezue zuek, gurasook, euskararen aldeko normalizazioan?
Jarraian datozen proposamenetatik ziur bat edo beste egin dezakezuela. Ekintza hauek urte osoan egitera gonbidatu nahi zaituztegu. Hona hemen hainbat proposamen:
- Zuen seme-alabak euren artean eta beste kideen artean euskaraz egitera gonbidatu eta bultzatu, eta egiten dutenean txalotu.
- Umeen aurrean euskarari prestigioa eta baliagarritasuna eman, ikastolako toki mugatuei dagokien hizkuntza baino zerbait gehiago dela ikustaraziz.
- Euskal kulturara hurbildu. Euskarazko emanaldietara joanez edo ipuin, musika nahiz filmak oparituz.
- Etxean ditugun tablet, telebista, mugikor eta ordenagailuetan ahal denean euskarazko aplikazio, joko eta programak aukeratu.
- Euskaraz ez badakizue, zatozte ikastera, edota dakizuen apurra erabil ezazue!
Gogoratu! Gau eta egun euskara gure lagun!




