Aisialdia aztergai Legazpiko Hezkuntza Mahaian

2025-2026 ikasturtean, Legazpiko Hezkuntza mahaiaren erronka honakoa izango da: herriko aisialdia aztertzea eta aurrera begira esku-hartzeko lerroak eta ekintza zehatzak identifikatzea.

Aisialdiari dagokionez herriko errealitatea nolakoa den ezagutu nahi da. Horrela herriko jarduera desberdinetako parte-hartze datuak, parte hartzeko aukerak, oztopoak, motibazioak, hezkuntza formalaren eta ez-formalaren erronka partekatuak...  aztertuko dira.  Eta egungo egoera nolakoa den ezagutzeaz harago, aurrera begira esku-hartzeko lerro eta ekintza zehatzak identifikatzea du helburu aurtengo lanketa honek. 

Diagnostikoan Hezkuntza-komunitatea osatzen duten eragile eta norbanakoen ekarpena ezinbestekoa da. Hau da, herriko ikastetxeetako ikasleek, haur, nerabe eta gazteen familiek eta hezkuntza ez-formaleko askotariko eragileek (kirol-klubak, aisialdi taldeak,...) diagnostiko prozesuan aktiboki parte hartzera eta bere ikuspegia partekatzera gonbidatu nahi ditugu. Era berean, udaberrian egingo den Komunitate Hausnargunean parte hartzeko deia luzatuko zaie. Bertan, prozesuan jasotako ondorio nagusiak partekatuko dira, eta etorkizuneko esku-hartzeak elkarrekin diseinatuko ditugu.

Legazpiko Hezkuntza Mahaia

Legazpiko Hezkuntza Mahaia 2024 urte hasieran sortu zen, herriko hezkuntza formal eta ez-formaleko eragileak modu eraginkorrean koordinatzeko eta herriko hezkuntza errealitateari dagozkion erronkak modu partekatuan lantzeko espazio gisa. 

Mahaiaren osaera honakoa da: herriko hiru ikastetxeak, Nerabeentzako Zerbitzua, Doinua Musika Eskola, eta Legazpiko Udala. Elhuyarren ardura da mahaiaren dinamizazioa.

hezkuntza

Orain arte egindako lana

Orain arteko ibilbidean, hainbat gairen inguruan lanketa egin du Hezkuntza Mahaiak, besteak beste: 

  • Lehen Hezkuntzako haurrentzat hizkuntza-errefortzuak jarri dira martxan.
  • Batetik, Legazpiko haur, nerabe eta gazteen ongizate emozionala kaltetzen duten problematiken inguruan hausnarketa egin da, eta, bestetik, LH6 zein DBH3ko ikasleekin berariazko lanketa egin da, ikasgela espazio seguru eta zaindua izan dadin. Gai honen bueltan udalak zenbait estrategia martxan jarri ditu (hala nola, haurren ongizateari eta heziketari buruzko ikerketa; nerabeen ongizatearen bueltan zerbitzu pilotua...)
  • Hezkuntza eragileen artean ikasturteko egutegi bateratua osatzeko urratsak eman dira.
  • Herriko bizikidetzan positiboki eragin eta ekintza bateratuak antolatzeko baldintzak sortzeko neurriak hartu dira. 

Orain arteko ibilbidean, argi geratu da hezkuntza komunitatean ardura pizten duten gaiei modu bateratuan heltzea lehentasunezkoa dela.

hezkuntza mahaia